martes, 13 de diciembre de 2011

Gaztezulo aldizkariaren analisi sozio-pragmatikoa

Sarrera honetan, Gaztezulo euskal gazteentzat zuzendu zen lehen aldizkariak eta formatu multimediara saltoa egin duenak,  betetzen dituen zenbait zerbitzu sozial aipatuko ditut. Besteak beste, euskal komunitatea trinkotzeko egiten duen lana azalduz eta goraipatuz.

Euskal Herrian badaude hainbat hedabide multimedia. Baina, Gaztezulori buruzko analisi egitea erabaki dut. Izan ere, komunikabidea euskal gazteei zuzendua dago. Eta, ni horien artean kokatzen naiz. Gainera, kazetaritza ikasketak burutzen nituenean ere, Gaztezulo aztertu nuen eta esperientzia horren bitartez, komunikabidea gertutik ezagutzeko aukera izan nuen. 


Lehenik eta behin, Gaztezulo, gaur egun, Euskal Herri mailan oso ezaguna den hedabide multimedia eta digitala dela aipatu beharra dago. Dauzkan ezaugarrien artean, hasiera batetik, hartzaileen iritzia kontuan hartu zuela nabarmendu beharra daukat. Izan ere,  gazteei eginiko inkesta batek zehaztu zituen zeintzuk izango ziren jorratu beharreko gaiak: literatura, internet, musika, zinema, kirolak... baina batez ere, sexuari ematen diote garrantzia gehien. Gai hau baita gazteen artean kontsultatuena.


Sexuaren arlo horretan ere, bestelako berezitasun bat gehitu behar zaio. Gaztezulo izan zen sexu kontsultak martxan jarri zituen lehen euskal aldizkaria. Hainbesteko arrakasta izan zuen berritasunak, oraindik ere indarrean dagoela. Gazteek orokorrean, sexuari buruzko jaki-min handia izaten dute. Euskal gazteak horien artean kokatzen dira eta beraz, Gaztezulok gaia lantzeko ematen dien aukera eskertu eta aprobetxatzen jarraitzen dute, hilabetez hilabete kontsultak eginez. Arlo honetan, euskaraz sexu-kontsultak egiteko aukera izatea garrantzitsua iruditzen zait. Azken finean, sexuak, sarritan, lengoaia berezitua erabiltzea dakar eta adituen erantzunen bitartez, gazteek euskarazko "hitz berriak" ezagutzeko eta erabiltzeko aukera daukate. 


Gaztezulok, erabilitako hizkera aberatsa eta formala da. Beraz, hartzaileak informazioa ulertu nahi baldin badu, ezinbesteko egiten zaio euskara maila altua izatea. Oso gai aberatsak baitira landutako guztiak. Modu horretan, multimedia komunikabideak gazteak euskara batu formala erabiltzera eta kontsumitzera bultzatzen ditu.


Multimediara salto egitean, hainbat ate ireki zaizkie. Lehenik eta behin, irakurleen parte hartzea suspertu dute agendaren bitartez. Bertan, edozeinek Euskal Herrian gazteei zuzenduta dauden edo hauei interesatzen zaien ekitaldiei buruzko informazioa eskaini dezake. Horrez gain, irudiari ematen dioten garrantzia azpimarratzen da. Honen bitartez, edukiari aberastasuna ematea lortzen baitute. Honek berebiziko garrantzia dauka webgunean. Izan ere, irudiak aldizkariaren webgunea ikusgarriago bihurtzen du.


Horrenbestez, ikuspegi sozio-pragmatikotik aztertuta, eta euskaldunen komunitatea sarean trinkotzeari begira Gaztezulok egiten duen ekarpenari buruz, esan daiteke eskertzeko modukoa dela. Hainbeste denboran zehar, euskal kulturaren, ohituren, hizkuntzaren... oinordekoak izango diren gazteei zuzenduta eginiko eskaintza aberatsagatik.

No hay comentarios: