viernes, 30 de diciembre de 2011

Negua

Negua, zer da zuentzat negua? Elurra, Olentzero, oporrak, hotza, iluntasuna, familia...

Arantxa eta Itxaso irakasleak Multimedia Komunikazioa masterreko ikasleei guretzat negua zer den azaltzen duen audioa egiteko eskatu digute. Eta, hona hemen nire negua:

martes, 27 de diciembre de 2011

Ekinaren ekinez, euskarak sarean merezi duen lekua izango du!

Abenduaren 20an, Multimedia Komunikazioa Masterreko ikasleok "Euskararen komunitate birtualak: nola ehundu harreman-sareak?" galdera aztertzen zuen mahaingurura joateko aukera izan genuen. Bertan, Luistxo Fernandez (sustatu.com), Hasier Etxeberria (Zuzeu.com), Lontzo Sainz (Eitb.com), Maite Goñi (Euskaljakintza.net), Lander Arbelaitz (Argia.com) eta Idurre Eskisabel-ek (Berria.info) interneten euskarak bizi duen egoera zein den aztertu zuten. Ondoren guztioi esandakoaren gainean gogoeta egitera bultzatu gintuzten.

Agurtzane Elordui-k, mahainguruaren antolatzaileak, sareko teknologia berriek euskaldunen arteko harreman-sareen trinkotzea errazten duen galdegin zien hizlariei. Guztiok baiezko borobila erantzun zuten.

Luistxo Fernandezen esanetan, "internet harreman- pertsonala zein komunitatearen interesak pizteko tresna ona da. Ez dio euskarari kalte egiten; guztiz alderantziz, euskaldunen artean komunikazioa hobetzen lagun dezake. Izan ere, teknologia hobetu ahala, zirkulua ere zabalduz doa". Azken baieztapen hau hobeto ulertzeko adibide bat gehitu zuen Luistxok: hasiera batean, messenger edo foroetan gure lagunartekoekin kontaktatzen genuen; orain, ordea, twitter eta facebook-ek gugandik urrun dauden pertsonak ezagutu eta hauekin harremana izateko aukera eskaintzen digute.


Euskal komunitatea osatzen dugunok, interneten euskaraz ahalik eta eduki gehien izatearen alde borrokatu behar dugula azpimarratu zuten mahainguruan. Horretarako lehen pausoa, Maite Goñik esan bezala, norbanakoaren indarrean sinestean datza. Izan ere, guztiok ekarpen txiki bat eginez, gure hizkuntza itsaso handian tanta txiki bat izatera helduko da.  Euskal komunitateak dituen gogo handiez baliatu beharra daukagu, lurralde berriak euskararekin konkistatzeko.


Era berean, "internet gure alde erabiltzen ikasi behar dugu", Lander Arbelaitzek esan zuenez. Zergatik? Lehenik eta behin, internetek euskara hizkuntza zaharkitua denaren zama kentzeko aukera ematen baikaitu. Bestetik, teknologia berriak etengabe garatzen doaz eta hauekin guri eskaintzen dizkiguten aukerak gehitzen. Hori dela eta, euskaldunok twitter, facebook, tuenti... bezalako sare sozialetan muturra sartzeko aprobetxatu beharra daukagu. Sare sozial hauetan euskaraz dabilenak, sarean euskararen erabilera normaltasunarekin lotuko bailuke. Beraz, euskaraz hitz egiten dugunoi, beste batzuengana heltzeko aukera ematen digu internetek eta euskaldunok horretaz baliatu behar gara.

Hala ere, euskal komunitateak badauka zailtasun handi bat. Alegia, mundu-mailan komunikabide tradizionalak sareko euskarri eta produktuetan entseatzen ari dira. Guk, ordea, horretarako zailtasun handiak dauzkagu; ez baikaude ohituta edukiak eskuratu ahal izateko ordaintzera. Idurre Eskisabel-ek, Berria.info-ko zuzendariak esan bezala, "euskal komunikabide birtualak beraien erabiltzaileei edukia erostera behartuko baliete, beraien irakurleria are gehiago mugatuko lukete".



Horrez gain, gaur egun euskal komunitate birtualak trinkotzeko hizkuntza politika falta dago. Luistxo Fernandezen ustez, "beharrezkoa da komunikazio, hizkuntza eta teknologian dirua inbertitzea; baina, hurrengo urteotan instituzioen aldetik, adar jotzea baino ez dugu jasoko". Lander Arbelaitzek ere, Luistxoren ideia babestu zuen eta egoera salatzeko adibide argi bat jarri zuen, "errealari "euskararekin bat" kamisetan eramatearren dirua eman beharrean, kopuru hori interneteko euskarazko eduki zein webguneetan inbertitu beharko litzateke". Dudarik gabe, berak planteatutakoak askoz gehiago bultzatu eta trinkotuko lituzke sareko euskal komunitateak.

Amaitzeko eta arestian aipatutako guztia indartzeko helburuz, Hasier Etxeberriak esandako hitz batzuk aipatu nahi ditut: euskaldunok sarean aritu, erabili eta soinua atera beharra daukagu. Guk egiten ez baldin badugu, euskarak ez du sekula merezi duen tokia lortuko.



martes, 13 de diciembre de 2011

Gaztezulo aldizkariaren analisi sozio-pragmatikoa

Sarrera honetan, Gaztezulo euskal gazteentzat zuzendu zen lehen aldizkariak eta formatu multimediara saltoa egin duenak,  betetzen dituen zenbait zerbitzu sozial aipatuko ditut. Besteak beste, euskal komunitatea trinkotzeko egiten duen lana azalduz eta goraipatuz.

Euskal Herrian badaude hainbat hedabide multimedia. Baina, Gaztezulori buruzko analisi egitea erabaki dut. Izan ere, komunikabidea euskal gazteei zuzendua dago. Eta, ni horien artean kokatzen naiz. Gainera, kazetaritza ikasketak burutzen nituenean ere, Gaztezulo aztertu nuen eta esperientzia horren bitartez, komunikabidea gertutik ezagutzeko aukera izan nuen. 


Lehenik eta behin, Gaztezulo, gaur egun, Euskal Herri mailan oso ezaguna den hedabide multimedia eta digitala dela aipatu beharra dago. Dauzkan ezaugarrien artean, hasiera batetik, hartzaileen iritzia kontuan hartu zuela nabarmendu beharra daukat. Izan ere,  gazteei eginiko inkesta batek zehaztu zituen zeintzuk izango ziren jorratu beharreko gaiak: literatura, internet, musika, zinema, kirolak... baina batez ere, sexuari ematen diote garrantzia gehien. Gai hau baita gazteen artean kontsultatuena.


Sexuaren arlo horretan ere, bestelako berezitasun bat gehitu behar zaio. Gaztezulo izan zen sexu kontsultak martxan jarri zituen lehen euskal aldizkaria. Hainbesteko arrakasta izan zuen berritasunak, oraindik ere indarrean dagoela. Gazteek orokorrean, sexuari buruzko jaki-min handia izaten dute. Euskal gazteak horien artean kokatzen dira eta beraz, Gaztezulok gaia lantzeko ematen dien aukera eskertu eta aprobetxatzen jarraitzen dute, hilabetez hilabete kontsultak eginez. Arlo honetan, euskaraz sexu-kontsultak egiteko aukera izatea garrantzitsua iruditzen zait. Azken finean, sexuak, sarritan, lengoaia berezitua erabiltzea dakar eta adituen erantzunen bitartez, gazteek euskarazko "hitz berriak" ezagutzeko eta erabiltzeko aukera daukate. 


Gaztezulok, erabilitako hizkera aberatsa eta formala da. Beraz, hartzaileak informazioa ulertu nahi baldin badu, ezinbesteko egiten zaio euskara maila altua izatea. Oso gai aberatsak baitira landutako guztiak. Modu horretan, multimedia komunikabideak gazteak euskara batu formala erabiltzera eta kontsumitzera bultzatzen ditu.


Multimediara salto egitean, hainbat ate ireki zaizkie. Lehenik eta behin, irakurleen parte hartzea suspertu dute agendaren bitartez. Bertan, edozeinek Euskal Herrian gazteei zuzenduta dauden edo hauei interesatzen zaien ekitaldiei buruzko informazioa eskaini dezake. Horrez gain, irudiari ematen dioten garrantzia azpimarratzen da. Honen bitartez, edukiari aberastasuna ematea lortzen baitute. Honek berebiziko garrantzia dauka webgunean. Izan ere, irudiak aldizkariaren webgunea ikusgarriago bihurtzen du.


Horrenbestez, ikuspegi sozio-pragmatikotik aztertuta, eta euskaldunen komunitatea sarean trinkotzeari begira Gaztezulok egiten duen ekarpenari buruz, esan daiteke eskertzeko modukoa dela. Hainbeste denboran zehar, euskal kulturaren, ohituren, hizkuntzaren... oinordekoak izango diren gazteei zuzenduta eginiko eskaintza aberatsagatik.

sábado, 10 de diciembre de 2011

Euskarazko komunikabide multimedia eta digitalen eskaintza Euskal Herrian

Euskal Herriko komunikabideen inguruan hausnarketa egitean, ondorio oso garbi bat atera dezakegu. Alegia, bi direla hegemonia osoa beraien eskuetan dutenak: EITB eta Berria. Hauentzat marka izaerak izugarrizko garrantzia dauka. Izan ere, enpresa izaera oso zehaztuta daukate.  Eta, informatu, entretenitu, euskara sustatu, eta abarrez gain, etekinak ateratzeko helburuz ere sortuak dira.  

Hala ere, hauek ez dira euskal komunitateak eskura dituen komunikabide multimedia eta digital bakarrak. Eskualde zein tokian tokiko komunikabideek oso zeregin garrantzitsua  dute gizartean.  Azken hauen eskaintza oso zabala da: Noaua!, Ttipi-Ttapa, Begitu...  Alde batetik, gai espezializatuak jorratzen dituztenak daude: Gaztezulo, Elhuyar, Argia... ; bestetik, jendearen parte hartzearekin hornitutakoak:  Zu zeu, Kazetari.net, Gaur8... ; batik bat, euskalkiei garrantzia ematen dietenak: Bizkaie, Goiena... eta abar. Baina edozein dela beraien sailkapena, helburu amankomun bat dute: herritarrak beraien inguruan gertatutakoaz informatuta izatea, marka albo batera utziz.
Marka kontzeptua erabiltzen dudanean, ez naiz modu negatibo batean ari. Ezin baitezakegu ahaztu, komunikabide gehienak enpresa direla. Hori dela eta, uste dut komunikabide txikiek ere beraien marka indartu beharko luketela. Diru-etekinak lortzeko ez ezik, beraien izena ezagutarazteko ere. Zenbat eta jende gehiagok ezagutu, orduan eta ospe handiagoa izango lukete eta modu horretan, beraien biziraupena ziurtatu ahal izango lukete. Azken finean, komunikabideek irakurle edo erabiltzaileentzat baliagarriak izatea dute xede. Eta baliagarritasun maila, euskarazko komunikabideek eginiko eskaintza koherentea, osatua eta eraginkorra  izateak ahalbidetuko du.

Euskarazko hedabide multimedia eta digitalen zailtasunak

Hedabide multimedia eta digitalek internetek eskaintzen dituen abantailak erabiliz, edukiak hartzailearengana modu zuzenean helarazten dituzte.  Hala ere, euskarazko hedabideen kasuak baditu zenbait muga.  Lehenik eta behin, gertutasun faltaren arazoa daukagu. Hau da, Euskal Herria zazpi probintzia ezberdinez osatua dago eta jendeari, batik bat, bere inguruan gertatutakoak axola dio eta ez 200 kilometrora jazotakoak. Horri aurre egiteko, eskualde edo probintzia mailako hedabideak sortu beharko lirateke. Baina, pausua eman baino lehen zein hizkera erabiliko litzatekeen ere zehaztu beharreko kontua da.

Euskalkiak euskaldunon ondare linguistiko garrantzitsuenak dira.  Beraien erabilera, gutxika gutxika, murriztuz doa eta beraz, erabat gal ez daitezen bultzada bat eman beharko genieke. Hala ere, puntu honetara helduta, beste muga bat agertzen da: euskaldun berrien hazkundea.

Euskal hiztun guztien oso portzentaje altua dira euskaldun berriak eta hauek ez dute euskalkien ezagutzarik. Beraz, gizartea bitan zati dezakegu. Alde batetik, euskaldun zaharrak, batez ere, adineko jendeaz osatua; eta bestetik, euskara batua oinarri dutenak. Adineko jendearen bizi-iraupena kontutan izanik, euskara batuaz zabalduko den hedabideen sorkuntza zilegiago litzateke.

Euskalkiek ere eremu oso zabala hartzen dute. Izan ere, azpieuskalki zein auzoz auzoko aldaerak ere badituzte. Muga horiei aurre egiteko bide bakarra euskalkiak batuz janztea da, Euskaltzaindiak ezarritako arauetan oinarrituz.  Hala ere, audiozko hedabideetan euskalkiak dituen forma ezberdinez baliatzeak ez liguke inolako arazorik suertatuko. Azken finean, ahozko tradizioa oraindik ere existitzen den euskal ohituretako bat da. Adibidez, Gorbeialde Irratiak bere programa guztiak arratieraz emititzen ditu, bertako hizkera zabalduz.
Bestalde, datuen arabera, Iparraldean dauden euskaldunak, euskal elebidunak dira baina gehienak adineko jendea. Hegoaldekoak zein Nafarroakoak, ordea, erdal elebidunak eta gazteak. Ondorioz, euskara gero eta zabalduago egongo den arren, pisua galduz joango da. Kontraesan horrek badauka azalpen logiko bat:  EAEn zein Nafarroan dauden gazteek euskara batua ikasteko joera daukate eta hauek osatzen dute Euskal Herri osoko biztanle kopuru gehiena. Hala ere, pisua galduko duela esatean, erdara euskararen gainean jarriko dela esan nahi dut. Azken finean, bertakoen ama hizkuntza erdara baita, eta ez euskara. Horri aurre egiteko zerbait egin beharra dago ezinbestean eta horretarako, sarean dauden hedabideek egin dezaketen ekarpenaz baliatu beharko ginateke, lehenbizi.

lunes, 21 de noviembre de 2011

Gucciri zetsuratutako publizitate kanpaina


Irudi hau Gucciren publizitate kanpainetako bat da. 2003. urtean, Asia zein Europako Vogue aldizkari guztietan argitaratua izan zena. Hala ere, Britainia Handiko zenbait gizarte eragilek honen aurkako salaketa jarri zuten, herrialdeko hedabideetan azaltzen diren edukiak babesteaz arduratzen den erakundearen, Advertising Standards Authorityren, aurrean. Gauzak horrela, Mediawatch(medioetako edukien duintasunaz arduratzen den erakundea) eta Family Education Trust (familien segurtasuna babesteaz arduratzen den erakundea)  bezalako erakundeek eginiko presioaren ondorioz, Britainia Handian publizitate kanpaina hau  zentsuratua geratu zen.  
Zein da irudi honen "arazoa"? Gucci bezalako markek, publizitate bide gisa, oso maiz jotzen dute sexua esplizituki agertzen dituzten irudietara. Kasu honetan, joera hori errepikatu egin zen eta horrek eragin zuen bere zentsura. Izan ere, irudia erotikoa izateaz gain, sexuala ere bada; eta, bertan iradokitzea baino, erakutsi egiten da. Britainia Handiko gizartean, nahiz eta XXI. mendean egon, sexua oso gai tabua da, oraindik ere, eta Guccik zilegitzat jo daitekeenaren eta ezin daitekeenaren arteko muga gainditu zuen.

Horrez gain, irudia sexista ere kontsidera daiteke. Emakumearen eta gizonezkoaren artean ezberdintasunak nabariak baitira. Azken hau, erabat jantzirik agertzen den bitartean; emakumeari, bere gorputzaren zona erogenoa ikusten baitzaio.

Hala ere, irudiaren publikazio esparrua kontutan izan beharra dago eta honek nolabaiteko eztabaida eragin dezake. Publizitate kanpaina hau, Vogue aldizkarian argitaratzeko prestatua baitzegoen eta beraz, ez erabat esparru publikotzat jo daitekeen eremu baterako. Beraz, nahiz eta aldizkaria publiko guztietara hel daitekeen; ez baldin badugu, eskuratzeko ordaintzen, ez da erabat publikoa. Guztiz ezberdina izango litzateke markesina batean argiratzeko prestatua izan balitz, baina ez da kasua.

miércoles, 26 de octubre de 2011

Web 2.0 Kontzeptua





Web 2.0 ez da kontzeptu hutsa, jarrera bat baizik. Informazioa eta edukiak modu librean eta publikoki partekatzeko prestutasuna edukitzea, ezinbestekoa da. Web 2.0n oinarritutako web orriak dinamikoak dira, izan ere, erabiltzaileek une oro bertan informazioa sortu, jaso eta aldatu dezakete.
 Dudarik gabe,Web 2.0k sormena eta elkar komunikazioa sustatzen duela ziurtatu dezakegu.Web 2.0ren jaiotzarekin batera, sortzaileek "interneten bigarren generazio" gisa bataiatu zuten, alegia, interneten gauzak aldatzen ari zirela ikusi zuten. Internet egiteko era berri bat jaio zen beraz, zerbitzuen garaia.
 Web 2.0ren adibide argi eta hedatuena sare sozialak dira gaur egun; facebook, twitter, tuenti, flicker, pinterest, blogak... hauek, mota guztietakoaukerak eskaintzen dizkigute.
 Tom O'Reilly, software askearen fundatzaileak esan zuenez, Web 2.0ren helburu nagusia zera da: adimen kolektiboa erabiltzea.


      

domingo, 23 de octubre de 2011



Mugikorren bidez euskara ikasteko aplikazio bat sortu dute
Elhuyar Fundazioak, euskara oinarrizko mailan eta era ludiko batean ikasteko aukera ematen duen mugikorretarako aplikazio bat garatu du
Aplikazio berri hau, Europar Batasuneko Hezkuntza eta Kultura Komisioak babesten duen  "Moblang" ikerkuntza proiektuaren parte da. Egitasmoan Elhuyar Institutuak ez ezik, Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuak eta Erresuma Batuko zein Greziako bestelako entitate akademiko batzuk ere parte hartu dute.
Solabarrieta, Laouris eta Nogeras aurkezpen egunean
Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia den Itziar Nogerasek, euskarazko sistemaren garapenerako arduradunak, Danel Solabarrietak, eta Yiannis Laouris, Zipreko Institutuko zuzendariak parte hartu zuten urriaren 14an, Donostian, aplikazioa aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan.

Laourisek azaldu zuenez, ""Moblang" proiektuak bi urte daramatza Europan dauden hizkuntz gutxituak babesten. Dagoeneko, grekorako, albanierarako, turkierarako, eta gaelikoarako garapenak sortu ditugu". Orain, euskara ere talde horren parte bihurtu delarik.

Aplikazio berri hau, "Mobile Assisted Language Learning" (MALL) sisteman oinarritzen da eta bere helburu nagusia, Solabarrietaren esanetan, euskara ikasten dutenentzat lagungarri izatea da, "erabiltzaileak nahi duenean eta modu oso errazean erabil dezakeelako".  Hartzaile-taldeari dagokionez, aplikazioa adinez helduak diren erdal hiztunentzat zuzenduta dago, batik bat. Hau da, euskara ikasteko jakintza prozesuan mailarik baxuenean dauden ikasleentzat bideratzen da.

Eskaintzen dituen zerbitzuen artean: Euskara > Gaztelania hiztegia eta alderantziz; irudiak eta audioak dituen telefono-txartela; hitzak edo esaldiak  grabatzeko sistema; eta, lexikoa, ulermena, entzumena zein idatzizko eta ahozko mintzaera trebatzeko balio duten joko interaktiboak daude.

Aplikazioa mugikorrera dohain jaisteko programa dagoeneko eskuragarri dago, moblang.eu orrialdean. Hala ere, horretarako, beharrezkoa da telefonoa mugikorrak Java programa eta MicroSD txartela izatea. Etorkizun hurbilean, Iphone eta Androidetan ere erabili ahal izateko lanean ari direla aitortu zuten arduradunek.


viernes, 21 de octubre de 2011

20minutos.es





Lehenik eta behin, lan hau egiteko Karla Cregok eta nik neuk aukeratu dugun ziberhedabidea Espainia guztian dohain banatzen den 20minutos egunkariaren bertsio digitala dela aipatu nahi dugu.

20minutos.es-ek azken hiru hilabeteetan izandako mundu mailako trafikoa, Alexa-ko "Traffic Rank"aren arabera, 1.384an kokatzen da. OJD interactiva-k irailean argitaratu zuenez, 27.125.610 erabiltzailek kontsumitu zuten ziberhedabidea, eta bisita guzti horietatik, %51a kontsulta bakar batean oinarritu zen.

Egunkari digitalak izandako audientziari buruzko informazio Google-n bilatzerakoan, ekaina partean argitaratutako artikulu bat ageri da. Bertan, audientzia tasa %17an igo zela azaltzen da, 3.537.000 erabiltzaile bakarretan finkatuz.

Edukiari dagokionez, ziberhedabidea "orokor" gisa katalogatu dezakegu. Izan ere, beti agertzen diren eta guztiz garrantzitsuak diren, nazioartea, ekonomia, gizartea eta kirolei, "Tu ciudad", "Tecnologia & Internet", "Artes", "Gente y TV", "Comunidad20" eta "Blogs"-a ere eskaintzen zaie erabiltzaileei. Azken honetan, hogei blog baino gehiago daude. Bertan, erabiltzaileek sortutako gai ezberdinetako blogetan parte hartzeko aukera daukate. Horrez gain, "20minutos tv beta", hau da, albiste garrantzitsuenei buruzko bideoak  ere ikusgai dituzte.

Edukien bilaketa modu erraz eta sinplean egiteko aukera eskaintzen du 20minutos.es-ek. Webgunearen behekaldean zein goikaldean, "Buscar" bilatzailea azaltzen da. Bertan, hitzak edo zenbakiak erabiliz bilatu dezakegu nahi dugun informazioa. Hau da, data bat jarriz, egun horretan argitaratutako berriak azaltzen zaizkigu eta era berean, berri horiek aipatzen dituzten hitz gakoen bitartez ere egin daiteke bilaketa. Bilaketa orokor bat egin nahi izanez gero, ziberhedabideak daukan artxiboan urtez-urteko (2005etik hasita 2011rarte) egutegia erabil daiteke. Nahi dugun urteko, hilabeteko, egunean click eginez gero, egun horretako berriak irakurtzeko aukera ematen du. Gainera, ziberhedabideak webguneko mapa bat eskaintzen du, arlo nagusiak (kirola, mundua, politika…), erkidegoak (Euskal Herria, Andaluzia…) eta gai nagusiak (Goya sariak, hauteskundeak…), besteak beste, sailkatuz. Hala ere, azken orduko albisteak ez dute beraien atal propiorik, guztiak portadan azaltzen dira eta denbora pasatu ahala, dagozkien atal nagusien barruan kokatuz doaz.

Guzti horrez gain, Espainiako probintzia ezberdinetan egunkariak argitaratutako publikazio ezberdinen edizio idatzia ere eskaintzen zaie erabiltzaileei, PDF formatuan. Alegia, webgunean, A Coruña, Bilbo, Cordoba, Alicanten... banatutako egunkariak kontsumitu daitezke, ezer ordaindu gabe.

Azaleko informazioetan, albistea ze ordutan argitaratu den agertzen da, egilearen izen-abizenak eta tokiarekin batera. Hala eta guztiz ere, egunkari digital honek argitaratzen dituen albiste gehienak EFE albiste agentziatik eratorritakoak direla esan beharra dago. Egunkari digitalak, audientziaren eta erredakzioaren arteko konfiantza bat lortzeko helburuz,  Staff edo erredakzioan lan egiten dutenen izen abizenak, argazkia, kargua eta argitaratutako artikulu kopurua baita hauen jarraitzaileei buruzko informazioa eskaintzen du. Horrez gain,  enpresaren historia, kokapena, audientzia datuak eta eskaintzaren deskribapenari (egunkari ezberdinak eskualde ezberdinetan, twitter edo facebook bezalako aplikazioak informazioa jasotzeko…) buruzko informazioa ere azaltzen zaigu.

Egunkaria zein webguneak duen gako garrantzitsuenetako bat, erdal audientziari soilik zuzenduta dagoela da. Izan ere, Espainiako hizkuntz nagusia gaztelania bada ere, beste hiru hizkuntz ofizial ere badaude eta beraz, interesgarria izango litzateke informazioa hizkuntz horietan eskaintzea.

Publizitateak 20minutos.es-en pisu handia duela esango genuke. Izan ere, goikaldean, behekaldean, eskuinaldean eta egunkariaren erdialdean ere azaltzen da. Kontutan izan behar da, egunkari baten iturri ekonomiko  nagusiena publizitatea dela eta horren isla ziberhedabide hau dugu. Hainbat enpresetako publizitatea ageri da. Hori dela eta, publizitate korporatiboa dela esan daiteke.   

Gaur egun, Web 2.0 bezala ezagutzen dugun komunikazioa nagusi da munduan. Hori dela eta, ziberhedabide honek, gaur egunera egokituz, RRSS-en bitartez norbanako bakoitzari interesatzen zaizkion gaiei buruzko albisteak sare sozialetan jasotzeko aukera ematen die. Hala nola, twitter, facebook, menéame, tuenti, reporter, yahoo, my space... bezalako erremintak erabiltzen ditu. Horien bitartez, erabiltzaileek aukera daukate albisteak komentatzeko eta horietan parte hartzeko. Era berean, beraien botoa eman dezakete : Gustatzen zait edo ez zait gustatzen.  Hori gutxi bada ere, lagun bati edo beste norbaiti irakurri berri duzun albistea e-postaz bidaltzeko aukera eskaintzen dizu 20minutos.es-ek eta erregistratuta baldin bazaude, eskatutako gaiei  buruzko informazioa korreo elektronikora bidaltzen dizute. Beste alde batetik, aipatu beharra dago ez dizula albistea inprimatzeko aukerarik ematen ezta beraren autorearekin harremanetan jartzeko ere. Beraz, azken hutsune hau konpontzeko zerbait egin beharko luketela uste dugu.  

20minutos.es-ek hamabost bat eztabaida foroetan parte hartzeko aukera ematen du, bakoitzaren iritzia plazaratuz. Foroek gai ezberdinak jorratzen dituzte, esate baterako, zinema, kirola, musika, bidaiak, osasuna, animaliak, etxebizitza eta eguneroko gertaerak. Hauetan parte hartzeko beharrezkoa da, egunkariak ezarritako arauak errespetatzea. Hau da, inork ezin dezake beste pertsona iraindu ezta difamatu. Bazterketa sozialean oinarritutako iruzkin guztiak debekatzen ditu baita publizitate helburua duten guztiak ere. Horrelakoren bat idatziz gero, iruzkina ezabatua geratzen da.

Chat-ak ez dituen arren, erabiltzaileek albisteen inguruan beraiek pentsatzen dutena adierazteko aukera daukate sei bat inkesta digitalen bidez. Inkesta horietan botoa eman dezakete eta nahi baldin badute foroetan luzatu dezakete beraien iritzia.

Albiste irakurrienen atalean, batez ere pertsonaia famatuen bizitzen inguruko albisteak agertzen dira. Argi dago mota horietako “albisteak” ez dutela zerikusirik ziberhedabidearen azalean aurkezten diren albisteekin. Hauek egunerokotasunaren irizpidean oinarrituz sailkatzen baitira.

Comunidad20 atalari esker, erabiltzaileari albisteak, argazkiak… bidaltzeko aukera ematen zaio: zona20@20minutos.es . Era berean, fotogaleria atalean, beste irakurleek bidalitako ikusentzunezko edukiak ikusgai daude.

Iritzi Pertsonala:

Orokorrean, ziberhedabideak jarraitutako egitura egokia iruditzen zaigu. Hau da, albiste garrantzitsuenak webgunearen goikaldean agertzen dira, tituluaren tamaina gainontzeko albisteena baino handiagoaz eta irudiarekin lagunduta. Gainera, argazkiaren gainean, sare sozialetan gehien irakurri eta iruzkindu diren albisteak zeintzuk diren nabarmentzen ditu egunkariak, zeinu baten bitartez. Horrek irakurleari albistearen garrantzia zer-nolakoa den erakusten dio eta horretan aktiboki parte hartzera bultzatzen dio.

Hala ere, diseinuari dagokionez, zenbait alde negatibo daudela iruditzen zaigu. Lehenik eta behin, albisteak bata bestearengandik oso hurbil daude eta horrek irakurlearengan estutasuna eragin dezake. Horrez gain, albisteen bitarteetan publizitatea kokatzeak irakurleari arreta galaraz diezaioke. Gure proposamena, publizitate guztia alboetan edota goian edo behean agertzea da. Gainera, albisteen gaien artean komunztadura gehiago egon beharko litzateke. Hau da, adibidez, kirola, ekonomia, Euskal Herria… agertzen duten albisteak batera, zutabe bakar batean argitaratu daitezke, gainontzeko albisteetatik bereiziz eta era berean, horiek ordenatuz.

Bestalde, egunkariak Espainia guztian zehar argitalpena banatzen ditu. Hori dela eta, interesgarria izango litzateke informazioa herrialdean dauden hizkuntz ofizial ezberdinetan eskaintzea. Webgunearen kasuan, lan gehiago suposatuko luke gaztelaniaz ez ezik, katalanez, galizieraz eta euskaraz agertzea baina askok eskertuko luketen esfortzua dela uste dugu.







lunes, 10 de octubre de 2011

Polonian Herritarren Plataforma Liberalak irabaziko ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak

Donald Tusk-ek zuzentzen duen alderdia izango da, berriz ere, Poloniako senatu eta kongresuan nagusi. Ofizialki botoen %63,7a zenbatuta daudela, %37,4a Herritarren Plataforma Liberalaren aldekoa da. Beraz, Legebilzarreko 460 aulkitatik, 191a eskuratu dute, momentuz.

Hauteskunde hauen emaitza, historikotzat jo daiteke; izan ere, Polonian, 1989an demokrazia ezarri zenetik, ez du inork agintaldirik errepikatu. Donald Tusk-ek garaipena lortzearen arrazoi nagusienetarikoa, orain arte eramandako politika ekonomia izan da. Polonia izan baita, Europako herrialde bakarra 2009an atzerapen ekonomikoan erori ez dena.

Hala ere, Herritarren Plataforma Liberalak ez du gehiengorik lortu eta beraz, Nekazarien Alderdi Moderatuarekin koalizioa errepikatu beharko du.


domingo, 9 de octubre de 2011

Confesbakek lan errenten zergak igotzeko proposamena egin du


Confebaskek lan errenten zergak igotzeko proposamena egin du

Alazne Salcedo

EAEko enpresaburuen elkarteak, PFEZa igotzea ezinbestekotzat hartzen du enplegua sortzeko orduan. Era berean, Miguel Angel Lujua patronaleko presidenteak, enpresen zergak eta betebeharrak murriztea eskatu du, Europako fiskalitatea eredutzat hartuz. Bildu eta PSE-EEko agintarien erantzuna erabatekoa izan da: krisi garaian, ezin daiteke enpresarien zerga arindu eta langileena igo. Proposamena, erabat amoraltzat katalogatu dute.

lunes, 3 de octubre de 2011

Ongi etorri!!


Arratsaldeon guztioi! Lehenik eta behin, ongi etorria ematen dizuet nire blogg honetara. Nire izena Alazne Salcedo da. Arratia bailaran kokatzen den herri txiki batean bizi naiz, Lemoan hain zuzen ere. Aurten kazetaritzan lizentziatu berria naiz eta momentu honetan, Multimedia Komunikazioari buruzko masterreko lehenengo klasea jasotzen ari naiz.