miércoles, 26 de octubre de 2011

Web 2.0 Kontzeptua





Web 2.0 ez da kontzeptu hutsa, jarrera bat baizik. Informazioa eta edukiak modu librean eta publikoki partekatzeko prestutasuna edukitzea, ezinbestekoa da. Web 2.0n oinarritutako web orriak dinamikoak dira, izan ere, erabiltzaileek une oro bertan informazioa sortu, jaso eta aldatu dezakete.
 Dudarik gabe,Web 2.0k sormena eta elkar komunikazioa sustatzen duela ziurtatu dezakegu.Web 2.0ren jaiotzarekin batera, sortzaileek "interneten bigarren generazio" gisa bataiatu zuten, alegia, interneten gauzak aldatzen ari zirela ikusi zuten. Internet egiteko era berri bat jaio zen beraz, zerbitzuen garaia.
 Web 2.0ren adibide argi eta hedatuena sare sozialak dira gaur egun; facebook, twitter, tuenti, flicker, pinterest, blogak... hauek, mota guztietakoaukerak eskaintzen dizkigute.
 Tom O'Reilly, software askearen fundatzaileak esan zuenez, Web 2.0ren helburu nagusia zera da: adimen kolektiboa erabiltzea.


      

domingo, 23 de octubre de 2011



Mugikorren bidez euskara ikasteko aplikazio bat sortu dute
Elhuyar Fundazioak, euskara oinarrizko mailan eta era ludiko batean ikasteko aukera ematen duen mugikorretarako aplikazio bat garatu du
Aplikazio berri hau, Europar Batasuneko Hezkuntza eta Kultura Komisioak babesten duen  "Moblang" ikerkuntza proiektuaren parte da. Egitasmoan Elhuyar Institutuak ez ezik, Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuak eta Erresuma Batuko zein Greziako bestelako entitate akademiko batzuk ere parte hartu dute.
Solabarrieta, Laouris eta Nogeras aurkezpen egunean
Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia den Itziar Nogerasek, euskarazko sistemaren garapenerako arduradunak, Danel Solabarrietak, eta Yiannis Laouris, Zipreko Institutuko zuzendariak parte hartu zuten urriaren 14an, Donostian, aplikazioa aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan.

Laourisek azaldu zuenez, ""Moblang" proiektuak bi urte daramatza Europan dauden hizkuntz gutxituak babesten. Dagoeneko, grekorako, albanierarako, turkierarako, eta gaelikoarako garapenak sortu ditugu". Orain, euskara ere talde horren parte bihurtu delarik.

Aplikazio berri hau, "Mobile Assisted Language Learning" (MALL) sisteman oinarritzen da eta bere helburu nagusia, Solabarrietaren esanetan, euskara ikasten dutenentzat lagungarri izatea da, "erabiltzaileak nahi duenean eta modu oso errazean erabil dezakeelako".  Hartzaile-taldeari dagokionez, aplikazioa adinez helduak diren erdal hiztunentzat zuzenduta dago, batik bat. Hau da, euskara ikasteko jakintza prozesuan mailarik baxuenean dauden ikasleentzat bideratzen da.

Eskaintzen dituen zerbitzuen artean: Euskara > Gaztelania hiztegia eta alderantziz; irudiak eta audioak dituen telefono-txartela; hitzak edo esaldiak  grabatzeko sistema; eta, lexikoa, ulermena, entzumena zein idatzizko eta ahozko mintzaera trebatzeko balio duten joko interaktiboak daude.

Aplikazioa mugikorrera dohain jaisteko programa dagoeneko eskuragarri dago, moblang.eu orrialdean. Hala ere, horretarako, beharrezkoa da telefonoa mugikorrak Java programa eta MicroSD txartela izatea. Etorkizun hurbilean, Iphone eta Androidetan ere erabili ahal izateko lanean ari direla aitortu zuten arduradunek.


viernes, 21 de octubre de 2011

20minutos.es





Lehenik eta behin, lan hau egiteko Karla Cregok eta nik neuk aukeratu dugun ziberhedabidea Espainia guztian dohain banatzen den 20minutos egunkariaren bertsio digitala dela aipatu nahi dugu.

20minutos.es-ek azken hiru hilabeteetan izandako mundu mailako trafikoa, Alexa-ko "Traffic Rank"aren arabera, 1.384an kokatzen da. OJD interactiva-k irailean argitaratu zuenez, 27.125.610 erabiltzailek kontsumitu zuten ziberhedabidea, eta bisita guzti horietatik, %51a kontsulta bakar batean oinarritu zen.

Egunkari digitalak izandako audientziari buruzko informazio Google-n bilatzerakoan, ekaina partean argitaratutako artikulu bat ageri da. Bertan, audientzia tasa %17an igo zela azaltzen da, 3.537.000 erabiltzaile bakarretan finkatuz.

Edukiari dagokionez, ziberhedabidea "orokor" gisa katalogatu dezakegu. Izan ere, beti agertzen diren eta guztiz garrantzitsuak diren, nazioartea, ekonomia, gizartea eta kirolei, "Tu ciudad", "Tecnologia & Internet", "Artes", "Gente y TV", "Comunidad20" eta "Blogs"-a ere eskaintzen zaie erabiltzaileei. Azken honetan, hogei blog baino gehiago daude. Bertan, erabiltzaileek sortutako gai ezberdinetako blogetan parte hartzeko aukera daukate. Horrez gain, "20minutos tv beta", hau da, albiste garrantzitsuenei buruzko bideoak  ere ikusgai dituzte.

Edukien bilaketa modu erraz eta sinplean egiteko aukera eskaintzen du 20minutos.es-ek. Webgunearen behekaldean zein goikaldean, "Buscar" bilatzailea azaltzen da. Bertan, hitzak edo zenbakiak erabiliz bilatu dezakegu nahi dugun informazioa. Hau da, data bat jarriz, egun horretan argitaratutako berriak azaltzen zaizkigu eta era berean, berri horiek aipatzen dituzten hitz gakoen bitartez ere egin daiteke bilaketa. Bilaketa orokor bat egin nahi izanez gero, ziberhedabideak daukan artxiboan urtez-urteko (2005etik hasita 2011rarte) egutegia erabil daiteke. Nahi dugun urteko, hilabeteko, egunean click eginez gero, egun horretako berriak irakurtzeko aukera ematen du. Gainera, ziberhedabideak webguneko mapa bat eskaintzen du, arlo nagusiak (kirola, mundua, politika…), erkidegoak (Euskal Herria, Andaluzia…) eta gai nagusiak (Goya sariak, hauteskundeak…), besteak beste, sailkatuz. Hala ere, azken orduko albisteak ez dute beraien atal propiorik, guztiak portadan azaltzen dira eta denbora pasatu ahala, dagozkien atal nagusien barruan kokatuz doaz.

Guzti horrez gain, Espainiako probintzia ezberdinetan egunkariak argitaratutako publikazio ezberdinen edizio idatzia ere eskaintzen zaie erabiltzaileei, PDF formatuan. Alegia, webgunean, A Coruña, Bilbo, Cordoba, Alicanten... banatutako egunkariak kontsumitu daitezke, ezer ordaindu gabe.

Azaleko informazioetan, albistea ze ordutan argitaratu den agertzen da, egilearen izen-abizenak eta tokiarekin batera. Hala eta guztiz ere, egunkari digital honek argitaratzen dituen albiste gehienak EFE albiste agentziatik eratorritakoak direla esan beharra dago. Egunkari digitalak, audientziaren eta erredakzioaren arteko konfiantza bat lortzeko helburuz,  Staff edo erredakzioan lan egiten dutenen izen abizenak, argazkia, kargua eta argitaratutako artikulu kopurua baita hauen jarraitzaileei buruzko informazioa eskaintzen du. Horrez gain,  enpresaren historia, kokapena, audientzia datuak eta eskaintzaren deskribapenari (egunkari ezberdinak eskualde ezberdinetan, twitter edo facebook bezalako aplikazioak informazioa jasotzeko…) buruzko informazioa ere azaltzen zaigu.

Egunkaria zein webguneak duen gako garrantzitsuenetako bat, erdal audientziari soilik zuzenduta dagoela da. Izan ere, Espainiako hizkuntz nagusia gaztelania bada ere, beste hiru hizkuntz ofizial ere badaude eta beraz, interesgarria izango litzateke informazioa hizkuntz horietan eskaintzea.

Publizitateak 20minutos.es-en pisu handia duela esango genuke. Izan ere, goikaldean, behekaldean, eskuinaldean eta egunkariaren erdialdean ere azaltzen da. Kontutan izan behar da, egunkari baten iturri ekonomiko  nagusiena publizitatea dela eta horren isla ziberhedabide hau dugu. Hainbat enpresetako publizitatea ageri da. Hori dela eta, publizitate korporatiboa dela esan daiteke.   

Gaur egun, Web 2.0 bezala ezagutzen dugun komunikazioa nagusi da munduan. Hori dela eta, ziberhedabide honek, gaur egunera egokituz, RRSS-en bitartez norbanako bakoitzari interesatzen zaizkion gaiei buruzko albisteak sare sozialetan jasotzeko aukera ematen die. Hala nola, twitter, facebook, menéame, tuenti, reporter, yahoo, my space... bezalako erremintak erabiltzen ditu. Horien bitartez, erabiltzaileek aukera daukate albisteak komentatzeko eta horietan parte hartzeko. Era berean, beraien botoa eman dezakete : Gustatzen zait edo ez zait gustatzen.  Hori gutxi bada ere, lagun bati edo beste norbaiti irakurri berri duzun albistea e-postaz bidaltzeko aukera eskaintzen dizu 20minutos.es-ek eta erregistratuta baldin bazaude, eskatutako gaiei  buruzko informazioa korreo elektronikora bidaltzen dizute. Beste alde batetik, aipatu beharra dago ez dizula albistea inprimatzeko aukerarik ematen ezta beraren autorearekin harremanetan jartzeko ere. Beraz, azken hutsune hau konpontzeko zerbait egin beharko luketela uste dugu.  

20minutos.es-ek hamabost bat eztabaida foroetan parte hartzeko aukera ematen du, bakoitzaren iritzia plazaratuz. Foroek gai ezberdinak jorratzen dituzte, esate baterako, zinema, kirola, musika, bidaiak, osasuna, animaliak, etxebizitza eta eguneroko gertaerak. Hauetan parte hartzeko beharrezkoa da, egunkariak ezarritako arauak errespetatzea. Hau da, inork ezin dezake beste pertsona iraindu ezta difamatu. Bazterketa sozialean oinarritutako iruzkin guztiak debekatzen ditu baita publizitate helburua duten guztiak ere. Horrelakoren bat idatziz gero, iruzkina ezabatua geratzen da.

Chat-ak ez dituen arren, erabiltzaileek albisteen inguruan beraiek pentsatzen dutena adierazteko aukera daukate sei bat inkesta digitalen bidez. Inkesta horietan botoa eman dezakete eta nahi baldin badute foroetan luzatu dezakete beraien iritzia.

Albiste irakurrienen atalean, batez ere pertsonaia famatuen bizitzen inguruko albisteak agertzen dira. Argi dago mota horietako “albisteak” ez dutela zerikusirik ziberhedabidearen azalean aurkezten diren albisteekin. Hauek egunerokotasunaren irizpidean oinarrituz sailkatzen baitira.

Comunidad20 atalari esker, erabiltzaileari albisteak, argazkiak… bidaltzeko aukera ematen zaio: zona20@20minutos.es . Era berean, fotogaleria atalean, beste irakurleek bidalitako ikusentzunezko edukiak ikusgai daude.

Iritzi Pertsonala:

Orokorrean, ziberhedabideak jarraitutako egitura egokia iruditzen zaigu. Hau da, albiste garrantzitsuenak webgunearen goikaldean agertzen dira, tituluaren tamaina gainontzeko albisteena baino handiagoaz eta irudiarekin lagunduta. Gainera, argazkiaren gainean, sare sozialetan gehien irakurri eta iruzkindu diren albisteak zeintzuk diren nabarmentzen ditu egunkariak, zeinu baten bitartez. Horrek irakurleari albistearen garrantzia zer-nolakoa den erakusten dio eta horretan aktiboki parte hartzera bultzatzen dio.

Hala ere, diseinuari dagokionez, zenbait alde negatibo daudela iruditzen zaigu. Lehenik eta behin, albisteak bata bestearengandik oso hurbil daude eta horrek irakurlearengan estutasuna eragin dezake. Horrez gain, albisteen bitarteetan publizitatea kokatzeak irakurleari arreta galaraz diezaioke. Gure proposamena, publizitate guztia alboetan edota goian edo behean agertzea da. Gainera, albisteen gaien artean komunztadura gehiago egon beharko litzateke. Hau da, adibidez, kirola, ekonomia, Euskal Herria… agertzen duten albisteak batera, zutabe bakar batean argitaratu daitezke, gainontzeko albisteetatik bereiziz eta era berean, horiek ordenatuz.

Bestalde, egunkariak Espainia guztian zehar argitalpena banatzen ditu. Hori dela eta, interesgarria izango litzateke informazioa herrialdean dauden hizkuntz ofizial ezberdinetan eskaintzea. Webgunearen kasuan, lan gehiago suposatuko luke gaztelaniaz ez ezik, katalanez, galizieraz eta euskaraz agertzea baina askok eskertuko luketen esfortzua dela uste dugu.







lunes, 10 de octubre de 2011

Polonian Herritarren Plataforma Liberalak irabaziko ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak

Donald Tusk-ek zuzentzen duen alderdia izango da, berriz ere, Poloniako senatu eta kongresuan nagusi. Ofizialki botoen %63,7a zenbatuta daudela, %37,4a Herritarren Plataforma Liberalaren aldekoa da. Beraz, Legebilzarreko 460 aulkitatik, 191a eskuratu dute, momentuz.

Hauteskunde hauen emaitza, historikotzat jo daiteke; izan ere, Polonian, 1989an demokrazia ezarri zenetik, ez du inork agintaldirik errepikatu. Donald Tusk-ek garaipena lortzearen arrazoi nagusienetarikoa, orain arte eramandako politika ekonomia izan da. Polonia izan baita, Europako herrialde bakarra 2009an atzerapen ekonomikoan erori ez dena.

Hala ere, Herritarren Plataforma Liberalak ez du gehiengorik lortu eta beraz, Nekazarien Alderdi Moderatuarekin koalizioa errepikatu beharko du.


domingo, 9 de octubre de 2011

Confesbakek lan errenten zergak igotzeko proposamena egin du


Confebaskek lan errenten zergak igotzeko proposamena egin du

Alazne Salcedo

EAEko enpresaburuen elkarteak, PFEZa igotzea ezinbestekotzat hartzen du enplegua sortzeko orduan. Era berean, Miguel Angel Lujua patronaleko presidenteak, enpresen zergak eta betebeharrak murriztea eskatu du, Europako fiskalitatea eredutzat hartuz. Bildu eta PSE-EEko agintarien erantzuna erabatekoa izan da: krisi garaian, ezin daiteke enpresarien zerga arindu eta langileena igo. Proposamena, erabat amoraltzat katalogatu dute.

lunes, 3 de octubre de 2011

Ongi etorri!!


Arratsaldeon guztioi! Lehenik eta behin, ongi etorria ematen dizuet nire blogg honetara. Nire izena Alazne Salcedo da. Arratia bailaran kokatzen den herri txiki batean bizi naiz, Lemoan hain zuzen ere. Aurten kazetaritzan lizentziatu berria naiz eta momentu honetan, Multimedia Komunikazioari buruzko masterreko lehenengo klasea jasotzen ari naiz.