sábado, 10 de diciembre de 2011

Euskarazko komunikabide multimedia eta digitalen eskaintza Euskal Herrian

Euskal Herriko komunikabideen inguruan hausnarketa egitean, ondorio oso garbi bat atera dezakegu. Alegia, bi direla hegemonia osoa beraien eskuetan dutenak: EITB eta Berria. Hauentzat marka izaerak izugarrizko garrantzia dauka. Izan ere, enpresa izaera oso zehaztuta daukate.  Eta, informatu, entretenitu, euskara sustatu, eta abarrez gain, etekinak ateratzeko helburuz ere sortuak dira.  

Hala ere, hauek ez dira euskal komunitateak eskura dituen komunikabide multimedia eta digital bakarrak. Eskualde zein tokian tokiko komunikabideek oso zeregin garrantzitsua  dute gizartean.  Azken hauen eskaintza oso zabala da: Noaua!, Ttipi-Ttapa, Begitu...  Alde batetik, gai espezializatuak jorratzen dituztenak daude: Gaztezulo, Elhuyar, Argia... ; bestetik, jendearen parte hartzearekin hornitutakoak:  Zu zeu, Kazetari.net, Gaur8... ; batik bat, euskalkiei garrantzia ematen dietenak: Bizkaie, Goiena... eta abar. Baina edozein dela beraien sailkapena, helburu amankomun bat dute: herritarrak beraien inguruan gertatutakoaz informatuta izatea, marka albo batera utziz.
Marka kontzeptua erabiltzen dudanean, ez naiz modu negatibo batean ari. Ezin baitezakegu ahaztu, komunikabide gehienak enpresa direla. Hori dela eta, uste dut komunikabide txikiek ere beraien marka indartu beharko luketela. Diru-etekinak lortzeko ez ezik, beraien izena ezagutarazteko ere. Zenbat eta jende gehiagok ezagutu, orduan eta ospe handiagoa izango lukete eta modu horretan, beraien biziraupena ziurtatu ahal izango lukete. Azken finean, komunikabideek irakurle edo erabiltzaileentzat baliagarriak izatea dute xede. Eta baliagarritasun maila, euskarazko komunikabideek eginiko eskaintza koherentea, osatua eta eraginkorra  izateak ahalbidetuko du.

No hay comentarios: