miércoles, 4 de enero de 2012

Ziber erreportajearen ezaugarriak: hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibitatea

Erreportaje bat egiterakoan, beharrezkoa da aldez aurretik zenbait urrats zehaztea. Hala nola, transmititu nahi dugun mezuaren araberako helburu diskurtsiboa finkatzea; generoa eta azpigeneroa zehaztea; storyboard-a egitea, erabiliko ditugun osagaiak aurreikusi ahal izateko; dokumentazio lana burutzea; etbar. Beraz, emaitza txukun eta borobil bat lortu ahal izateko, erabaki linguistiko- diskurtsiboak zaindu behar dira, nahitaez.

Hala ere, garaiak aldatu dira eta teknologia berrien hazkundeak erreportajeak euskarri berrietara egokitzera behartu gaitu. Dagoeneko, erreportaje tradizionaletik erreportaje multimediara egin dugu salto. Hori dela eta, zibertestu baten sorreran sareak dituen testuinguru bereizgarriak kontutan hartzea oso garrantzitsua da. Noski, orain arte jarraituriko urratsak baztertu gabe.
Marreroren esanetan, hiru dira erreportajeak sarean dituen ezaugarri garrantzitsuenak. Bata, multimeditasuna da. Egileak gertakizun baten inguruan ikuspuntu ezberdinak gehitzeaz gain,  testuingurua, aurrekariak, iturriak, mapak, infografiak, bideo zein audioak, etbar. eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Istorioan murgiltzeko nahikoa informazio emanez.


Bestalde, nodo ezberdinen artean lotura ezartzea ezinbestekoa da sareko erreportajeetan. Alegia, nodo bakoitzak independenteki zentsua baldin badu ere, guztiek erreportajea aberasteko helburua izan behar dute. Izan ere, hipertestualitateak erabiltzaileei, erreportajea kontsumitzerakoan, ez die bide jakin bat jarraitzera behartzen.

Azkenik, interaktibitatea daukagu. Honen ondorioz, erabiltzaileak informazioetan parte-hartzeko aukera dauka: iritzia emanez, lehiaketak antolatuz, eztabaidan parte hartuz... Hala ere, ezaugarri honek badauka bere gakoa. Marrerok dioenaren arabera, nahiz eta hipertestuan erabiltzaileak parte hartzeko aukera izan, ezin dezake erreportajea modifikatu. Eta, hori da etorkizunean bilatu behar duguna: erabiltzaile kontsumitzaile arrunt izatetik, egile izatera pasatzea.  


No hay comentarios: