Lehenik eta behin, lan hau egiteko Karla Cregok eta nik neuk aukeratu dugun ziberhedabidea Espainia guztian dohain banatzen den 20minutos egunkariaren bertsio digitala dela aipatu nahi dugu.
20minutos.es-ek azken hiru hilabeteetan izandako mundu mailako trafikoa,
Alexa-ko "Traffic
Rank"aren arabera, 1.384an kokatzen da. OJD
interactiva-k irailean argitaratu zuenez, 27.125.610 erabiltzailek kontsumitu zuten ziberhedabidea, eta
bisita guzti horietatik, %51a kontsulta bakar batean oinarritu zen.
Egunkari digitalak izandako audientziari buruzko informazio Google-n bilatzerakoan, ekaina partean
argitaratutako artikulu
bat ageri da. Bertan, audientzia tasa %17an igo zela azaltzen da, 3.537.000 erabiltzaile bakarretan
finkatuz.
Edukiari dagokionez, ziberhedabidea "orokor" gisa katalogatu
dezakegu. Izan ere, beti agertzen diren eta guztiz garrantzitsuak diren,
nazioartea, ekonomia, gizartea eta kirolei, "Tu ciudad",
"Tecnologia & Internet", "Artes", "Gente y TV",
"Comunidad20" eta
"Blogs"-a ere
eskaintzen zaie erabiltzaileei. Azken honetan, hogei blog baino gehiago daude. Bertan,
erabiltzaileek sortutako gai ezberdinetako blogetan parte hartzeko aukera
daukate. Horrez gain, "20minutos tv beta", hau da,
albiste garrantzitsuenei buruzko bideoak
ere ikusgai dituzte.
Edukien bilaketa modu erraz eta sinplean egiteko aukera eskaintzen du
20minutos.es-ek. Webgunearen behekaldean zein goikaldean, "Buscar" bilatzailea azaltzen da. Bertan,
hitzak edo zenbakiak erabiliz bilatu dezakegu nahi dugun informazioa. Hau da,
data bat jarriz, egun horretan argitaratutako berriak azaltzen zaizkigu eta era
berean, berri horiek aipatzen dituzten hitz gakoen bitartez ere egin daiteke
bilaketa. Bilaketa orokor bat egin nahi izanez gero, ziberhedabideak daukan artxiboan
urtez-urteko (2005etik hasita
2011rarte) egutegia erabil daiteke. Nahi dugun urteko, hilabeteko, egunean
click eginez gero, egun horretako berriak irakurtzeko aukera ematen du. Gainera,
ziberhedabideak webguneko mapa bat eskaintzen du, arlo nagusiak (kirola,
mundua, politika…), erkidegoak (Euskal Herria, Andaluzia…) eta gai nagusiak
(Goya sariak, hauteskundeak…), besteak beste, sailkatuz. Hala ere, azken orduko
albisteak ez dute beraien atal propiorik, guztiak portadan azaltzen dira eta
denbora pasatu ahala, dagozkien atal nagusien barruan kokatuz doaz.
Guzti horrez gain, Espainiako probintzia ezberdinetan egunkariak argitaratutako publikazio ezberdinen edizio idatzia ere eskaintzen zaie erabiltzaileei, PDF formatuan. Alegia, webgunean, A Coruña, Bilbo, Cordoba, Alicanten... banatutako egunkariak kontsumitu daitezke, ezer ordaindu gabe.
Azaleko informazioetan, albistea ze ordutan argitaratu den agertzen da, egilearen izen-abizenak eta tokiarekin batera. Hala eta guztiz ere, egunkari digital honek argitaratzen dituen albiste gehienak EFE albiste agentziatik eratorritakoak direla esan beharra dago. Egunkari digitalak, audientziaren eta erredakzioaren arteko konfiantza bat lortzeko helburuz, Staff edo erredakzioan lan egiten dutenen izen abizenak, argazkia, kargua eta argitaratutako artikulu kopurua baita hauen jarraitzaileei buruzko informazioa eskaintzen du. Horrez gain, enpresaren historia, kokapena, audientzia datuak eta eskaintzaren deskribapenari (egunkari ezberdinak eskualde ezberdinetan, twitter edo facebook bezalako aplikazioak informazioa jasotzeko…) buruzko informazioa ere azaltzen zaigu.
Egunkaria zein webguneak duen gako garrantzitsuenetako bat, erdal audientziari soilik zuzenduta dagoela da. Izan ere, Espainiako hizkuntz nagusia gaztelania bada ere, beste hiru hizkuntz ofizial ere badaude eta beraz, interesgarria izango litzateke informazioa hizkuntz horietan eskaintzea.
Publizitateak 20minutos.es-en pisu handia duela esango genuke. Izan ere, goikaldean, behekaldean, eskuinaldean eta egunkariaren erdialdean ere azaltzen da. Kontutan izan behar da, egunkari baten iturri ekonomiko nagusiena publizitatea dela eta horren isla ziberhedabide hau dugu. Hainbat enpresetako publizitatea ageri da. Hori dela eta, publizitate korporatiboa dela esan daiteke.
Gaur egun, Web 2.0 bezala ezagutzen dugun komunikazioa nagusi da munduan. Hori dela eta, ziberhedabide honek, gaur egunera egokituz, RRSS-en bitartez norbanako bakoitzari interesatzen zaizkion gaiei buruzko albisteak sare sozialetan jasotzeko aukera ematen die. Hala nola, twitter, facebook, menéame, tuenti, reporter, yahoo, my space... bezalako erremintak erabiltzen ditu. Horien bitartez, erabiltzaileek aukera daukate albisteak komentatzeko eta horietan parte hartzeko. Era berean, beraien botoa eman dezakete : Gustatzen zait edo ez zait gustatzen. Hori gutxi bada ere, lagun bati edo beste norbaiti irakurri berri duzun albistea e-postaz bidaltzeko aukera eskaintzen dizu 20minutos.es-ek eta erregistratuta baldin bazaude, eskatutako gaiei buruzko informazioa korreo elektronikora bidaltzen dizute. Beste alde batetik, aipatu beharra dago ez dizula albistea inprimatzeko aukerarik ematen ezta beraren autorearekin harremanetan jartzeko ere. Beraz, azken hutsune hau konpontzeko zerbait egin beharko luketela uste dugu.
20minutos.es-ek hamabost bat eztabaida foroetan parte hartzeko aukera ematen du, bakoitzaren iritzia plazaratuz. Foroek gai ezberdinak jorratzen dituzte, esate baterako, zinema, kirola, musika, bidaiak, osasuna, animaliak, etxebizitza eta eguneroko gertaerak. Hauetan parte hartzeko beharrezkoa da, egunkariak ezarritako arauak errespetatzea. Hau da, inork ezin dezake beste pertsona iraindu ezta difamatu. Bazterketa sozialean oinarritutako iruzkin guztiak debekatzen ditu baita publizitate helburua duten guztiak ere. Horrelakoren bat idatziz gero, iruzkina ezabatua geratzen da.
Chat-ak ez dituen arren, erabiltzaileek albisteen inguruan beraiek
pentsatzen dutena adierazteko aukera daukate sei bat inkesta digitalen bidez. Inkesta
horietan botoa eman dezakete eta nahi baldin badute foroetan luzatu dezakete
beraien iritzia.
Albiste irakurrienen atalean, batez ere pertsonaia famatuen bizitzen inguruko albisteak agertzen dira. Argi dago mota horietako “albisteak” ez dutela zerikusirik ziberhedabidearen azalean aurkezten diren albisteekin. Hauek egunerokotasunaren irizpidean oinarrituz sailkatzen baitira.
Comunidad20 atalari esker, erabiltzaileari albisteak, argazkiak… bidaltzeko aukera ematen zaio: zona20@20minutos.es . Era berean, fotogaleria atalean, beste irakurleek bidalitako ikusentzunezko edukiak ikusgai daude.
Iritzi
Pertsonala:
Orokorrean, ziberhedabideak jarraitutako egitura egokia iruditzen zaigu. Hau
da, albiste garrantzitsuenak webgunearen goikaldean agertzen dira, tituluaren tamaina
gainontzeko albisteena baino handiagoaz eta irudiarekin lagunduta. Gainera,
argazkiaren gainean, sare sozialetan gehien irakurri eta iruzkindu diren
albisteak zeintzuk diren nabarmentzen ditu egunkariak, zeinu baten bitartez.
Horrek irakurleari albistearen garrantzia zer-nolakoa den erakusten dio eta
horretan aktiboki parte hartzera bultzatzen dio.
Hala ere, diseinuari dagokionez, zenbait alde negatibo daudela iruditzen zaigu. Lehenik eta behin, albisteak bata bestearengandik oso hurbil daude eta horrek irakurlearengan estutasuna eragin dezake. Horrez gain, albisteen bitarteetan publizitatea kokatzeak irakurleari arreta galaraz diezaioke. Gure proposamena, publizitate guztia alboetan edota goian edo behean agertzea da. Gainera, albisteen gaien artean komunztadura gehiago egon beharko litzateke. Hau da, adibidez, kirola, ekonomia, Euskal Herria… agertzen duten albisteak batera, zutabe bakar batean argitaratu daitezke, gainontzeko albisteetatik bereiziz eta era berean, horiek ordenatuz.
Bestalde, egunkariak Espainia guztian zehar argitalpena banatzen ditu. Hori dela eta, interesgarria izango litzateke informazioa herrialdean dauden hizkuntz ofizial ezberdinetan eskaintzea. Webgunearen kasuan, lan gehiago suposatuko luke gaztelaniaz ez ezik, katalanez, galizieraz eta euskaraz agertzea baina askok eskertuko luketen esfortzua dela uste dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario