Hedabide multimedia eta digitalek internetek eskaintzen dituen abantailak
erabiliz, edukiak hartzailearengana modu zuzenean helarazten dituzte. Hala ere, euskarazko hedabideen kasuak baditu
zenbait muga. Lehenik eta behin,
gertutasun faltaren arazoa daukagu. Hau da, Euskal Herria zazpi probintzia
ezberdinez osatua dago eta jendeari, batik bat, bere inguruan gertatutakoak
axola dio eta ez 200 kilometrora jazotakoak. Horri aurre egiteko, eskualde edo
probintzia mailako hedabideak sortu beharko lirateke. Baina, pausua eman baino
lehen zein hizkera erabiliko litzatekeen ere zehaztu beharreko kontua da.
Euskalkiak euskaldunon ondare linguistiko garrantzitsuenak dira. Beraien erabilera, gutxika gutxika, murriztuz
doa eta beraz, erabat gal ez daitezen bultzada bat eman beharko genieke. Hala
ere, puntu honetara helduta, beste muga bat agertzen da: euskaldun berrien
hazkundea.
Euskal hiztun guztien oso portzentaje altua dira euskaldun berriak eta
hauek ez dute euskalkien ezagutzarik. Beraz, gizartea bitan zati dezakegu. Alde
batetik, euskaldun zaharrak, batez ere, adineko jendeaz osatua; eta bestetik,
euskara batua oinarri dutenak. Adineko jendearen bizi-iraupena kontutan izanik,
euskara batuaz zabalduko den hedabideen sorkuntza zilegiago litzateke.
Euskalkiek ere eremu oso zabala hartzen dute. Izan ere, azpieuskalki zein
auzoz auzoko aldaerak ere badituzte. Muga horiei aurre egiteko bide bakarra
euskalkiak batuz janztea da, Euskaltzaindiak ezarritako arauetan oinarrituz. Hala ere, audiozko hedabideetan euskalkiak
dituen forma ezberdinez baliatzeak ez liguke inolako arazorik suertatuko. Azken
finean, ahozko tradizioa oraindik ere existitzen den euskal ohituretako bat da.
Adibidez, Gorbeialde Irratiak bere programa guztiak arratieraz emititzen ditu,
bertako hizkera zabalduz.
Bestalde, datuen arabera, Iparraldean dauden euskaldunak, euskal elebidunak
dira baina gehienak adineko jendea. Hegoaldekoak zein Nafarroakoak, ordea,
erdal elebidunak eta gazteak. Ondorioz, euskara gero eta zabalduago egongo den
arren, pisua galduz joango da. Kontraesan horrek badauka azalpen logiko
bat: EAEn zein Nafarroan dauden gazteek
euskara batua ikasteko joera daukate eta hauek osatzen dute Euskal Herri osoko
biztanle kopuru gehiena. Hala ere, pisua galduko duela esatean, erdara
euskararen gainean jarriko dela esan nahi dut. Azken finean, bertakoen ama
hizkuntza erdara baita, eta ez euskara. Horri aurre egiteko zerbait egin
beharra dago ezinbestean eta horretarako, sarean dauden hedabideek egin
dezaketen ekarpenaz baliatu beharko ginateke, lehenbizi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario